
Merkatalgunea izango dute hizpide aste bi barru Foruan
Forua EAJk Gernikako merkatariek hasitako kanpaina gaitzesteko mozioa aurkeztu du, baina atzeratzea erabaki dute.
maite orue
Herenegun arratsaldean osoko bilkura egin zuten Foruan. EAJren udal taldeak Gernika-Lumoko merkatariek merkatalgunearen aurka hasitako kanpaina gaitzesteko mozioa aurkeztu zuten, baina, ezker abertzaleko kideen eskariz, gaia atzeratzea erabaki zuen udalbatzak, hamabosta barru sakonago aztertzeko.
Gernika-Lumoko merkatarien kanpaina «desleiala» dela esan zuen Igor Duñabeitia alkateak. «Gure haserrea agertu nahi dugu, ez baita bidezkoa. Jarraitu duten prozedura gaitzetsi nahi dugu, forma akatsak izan direla uste baitugu. Begoña Larriba gurekin batzartu zenean modu onean egon ginen berarekin eta orain egin dutenarenganako ondoeza azaldu nahi dugu».
«Forma akats larria»
Ezker abertzaleko ordezkariek mozio hori berandu jaso izana eta herriko lurretan eraiki nahi duten merkatalgunearen berri komunikabideen berri ezagutu izana kritikatu zuten.
Horrez gain, hedabideetan agertutako informazioak kontrastatu nahi dituztela aipatu zuten. «Irakurri dugunaren arabera, zure partetik izan dira forma akatsak, diotenez, logistika enpresa bat egingo zutela esanez saldu baitzenuen gaia. Orain engainatuta sentitzen direla esan dute akziodunek», esan zuten, alkateari zuzenduz. Euren iritziz, guzti hori «forma akats larria» dela esan zuten ezker abertzaleko kideek. Duñabeitiaren erantzuna komunikabideek sarri ez dutela egia esaten izan zen.
Gauzak horrela, ezker abertzaleko ordezkariek gaia atzeratzea eskatu zuten, «batez ere zer nolako mugimendua sortu den ikusita». Alkateak baiezkoa eman eta bi aste barru inguru berriro biltzea adostu zuten bertaratutakoek.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.