Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Forua
2008ko irailak 7, Domeka

;2008-06-26;540.000 euro bideratuko dituzte landa garapenerako . Nekazaritza Landa garapena bultzatzeko 31 proiektu lagunduko ditu diruz Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak.

540.000 euro bideratuko dituzte landa garapenerako

Nekazaritza Landa garapena bultzatzeko 31 proiektu lagunduko ditu diruz Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak.

e. atxikallende

Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza sailak landa garapenerako Busturialdeko 31 proiektu lagunduko ditu. Busturialdeko herriak sustatzeko eta garatzeko proiektuak aurrera eramateko, guztira, 540.000 euro aurreikusi ditu Nekazaritza sailak.

Proiektu batzuk, 11, hain zuzen ere, eskualdeko zenbait elkartek aurkeztu dituzte, besteak beste, Urremendi, Land@XXI, Legendika Kanala eta Txipi Txapa elkarteek. Hamahiru proiektu udalek proposatu dituzte eta gainontzeko zazpi proiektuak ekimen pribatuak dira.

Ondarea berreskuratu

Busturialdeko ondare historikoa, kulturala eta paisajistikoa berreskuratzeko proiektuak dira gehien nabarmentzen direnak. Proiektu horien bitartez, eskualdeko eskaintza turistikoa handitu eta hobetu nahi du Aldundiak. Ondarea berreskuratzeko proiektuen artean, Urremendi elkarteak Gautegiz Arteagako harrobi gorriaren berreskurapenerako aurkeztu duena aipa daiteke. Muruetako ontziralekuaren birmoldaketa ere ondarea berreskuratzeko proiektu legez aurkeztu dute.

Azpiegiturak hobetzeko

Udalek aurkeztutako proiektu gehienak, bestalde, azpiegiturak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzeko proposamenak dira. Eskualdeko herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburua dute proiektu hauek.

Arratzuk herriko ludoteka egokitzeko proiektua aurkeztu du eta Muxikak Urretxindorra herri ikastetxeko haurreskola atontzeko proiektua. Gautegiz Arteagak aurkeztutako proiektua herriko auzo eta baserrietan postontziak jartzearena da. Errigoitiko kasuan, aurkeztu duten proiektua medikuaren eta osasun-laguntzaile teknikoaren (OLT) kontsultako altzariak eskuratzeko da.

Ekimen pribatuak ere bai

Nekazaritza sailak diruz lagunduko dituen ekimen pribatuko proiektuak, erdiak baino gehiago, landa turismoa bultzatzeko izango dira, adibidez, Kortezubin landa-turismoko apartamenduak eraikitzeko. Ekimen pribatuko beste proiektu ezanguratsu bat internet bidez produktu ekologikoak salduko dituen ekimena dago.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.